Desberdintasunak gero eta handiagoak izan arren, garapen sozioekonomikoari dagokionez, gure herrialdea munduko mailarik altuenean dago. Munduko Iparralde Globala deritzoneko gainerako herrialdeek bezala, ekoizteko eta kontsumitzeko gaur egun dugun eredua iraunezina da ingurumenaren ikuspuntuaren arabera, baliabide mugatuko planetan ezin delako mugagabeko hazkunderik egon eta aldaketa klimatikoaren eragile nagusiak diren erregai fosiletan oinarrituta dagoelako.
Gainera, gizarte-ikuspuntutik begiratuta, bidegabea da, izan ere, zenbat eta energia gehiago kontsumitu, gero eta handiagoak dira haren banaketan dauden desberdintasunak, zor ekologikoa, genero desberdintasunak eta pobrezia energetikoa eraginda. Gainera, ikusmolde kuantitatiboaren arabera, energia salgaitzat eta merkataritzako ondasuntzat hartzen du, ekoizpena kontsumotik urrunduz eta zainketari nahiz ongizateari lotutako gure beharrizanak gutxietsiz. Hori dela eta, «hazkundea berdin garapena» delako logika maltzurra hautsi behar dugu, erabateko kolapsora eramaten gaituelako. Ekosistemek xurgatzeko duten gaitasunari eutsita CO2ko emisioak murriztea ez da aukera jakin bat; aitzitik, planetan duintasunez bizirauteko dagoen modu bakarra da.
Trantsizioa gure sistema energetikoaren epe erdiko eta luzeko egiturazko aldaketa delakoan gaude. Honen ondorioz, erregai fosilak eta energia nuklearra energia berriztagarri deszentralizatuekin ordeztu behar dira, energia eta materialen kontsumoa murriztu behar da, eta materiaren zikloak itxi behar dira berrerabilpena eta birziklapena sustatuz. Ingurumen arloko inpaktua gutxitzen duen eredu energetikorako trantsizioa bidezko eta demokratikoa izan behar da, hidrokarburoen agorpenari egokituta.
Trantsizioa nahi eta nahi ez emango da, abian jartzeko erritmo eta modua da eztabaidatu eta erabaki behar duguna. Horretarako, hurrengo gogoetak kontuan hartu behar ditugu: alde batetik, honako gai hau ingurumen arlokoa izateaz gain, gizarte eta genero arloei dagokiela; eta bestetik, herritarrok aldaketa haren eragile aktiboak izan behar dugula eta ez dela utzi behar erabakiak hartzean gure parte-hartzea alboratzen.
Energia pertsonen oinarrizko eskubide gisa onartzen duen eredu energetiko berriaren aldekoak gara, izan ere, gizaki guztiontzat beharrezkoak diren ondasun eta zerbitzuak hornitzeko funtsezkoa da hura edukitzea. Gainera, energiaren bidezko banaketa sustatzen dugu, gizarte zein ingurumen arloetatik begiratuta. Gure ikuspegia belaunaldien artekoa da (solidarioa gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiekin) eta, gauzak horrela, gizaki orok airea edo ura bezalako energia askatasunez eskuratzeko aukera eduki behar duelakoan gaude eta, gure ustez, energiak ez du merkatuen zerbitzutara egoten jarraitu behar. Ildo horretan, «pobrezia energetikoa» ezabatzea gure gizartearen lehentasunetakoa izan behar da.
Bestetik, soluzioak gizarte patriarkalak gainditzearen bitartez soilik helduko direla uste dugu. Gaur egun, ingurumen krisia bizitzaren zainketen eta iraunkortasunaren konponbideari ere lotuta dagoela jakina da. Izan ere, errealitate biek partekatzen dituzte bai kausak (esaterako, gizakiaren izaeraren ukazioa edo teknozientzian itsuki sinestea), bai ondorioak (adibidez, ekonomia kapitalistaren eta bizitzeko oinarri materialen arteko loturarik eza) eta baita egon daitezken soluzioak ere.
Horregatik, gizarte ereduaren eraldaketari ekin gabe eredu energetikoa ezin dela eraldatu uste dugu. Gizarteari (ekoizpen erabilgarri eta onuragarria) eta ingurumenari lotutako erabilgarritasuna bilatzen dugu lanaren antolakuntza eredu berriaren bitartez. Honetan, lan produktiboa eta erreproduktiboa pertsona guztien artean egokitasunez egongo da banatuta. Horregatik, aldarrikatzen duguna da, pertsonak eta ingurumena zaintzeari eta osasunari, hezkuntzari, nekazaritza ekologikoari edo etxebizitzari lotutako sektoreen bitartez enplegu publikoa indarrez bultzatzea.
Eredu energetiko berri hori aurrezkian, eraginkortasunean eta energia berriztagarrietan oinarritu behar delakoan gaude. Horretarako, energiaren eta hari lotutako materialen kontsumoa zorroztasunez murriztuko da, garraiobide eredu berriak sustatuta (Abiadura Handiko Trenaren moduko azpiegitura elitista eta xahutzaileetatik aldenduta) eta lurraldearen erabilera iraunkorrak egingo dira. Halaber, aipatutako ereduak zentzuzko kontsumo solidarioaren eredu berria izango du oinarri.
Gaur egungo eredu energetikoak menpekotasun handia dauka (EAEko energiaren %94a eta Nafarroako %80a kanpotik dator) eta Euskal Herrian egoitza soziala duten oligopolio handien esku dago (Petronor-Repsol, Iberdrola, EDP…). Talde horiek neurrigabeko tamaina duten azpiegitura handiak kontrolatzen dituzte, energia berriztagarrien garapena oztopatuta eta geldiarazita.
Aldarrikapen erretorikoen garaia joan da; konpromiso zehatzak behar ditugu 2050erako karbonorik gabeko Euskal Herriranzko bidean.
Zorionez, Euskal Herrian udaleko eta eskualdeko hamarka ekimen daude bestelako sistema energetikoa abian jartzeko eta energia berriztagarrietan oinarritutako banaketa eta kontsumo kooperatibak (Goiener, Energia Gara, I-Ener, Barrizar) daude, ezagutu, sustatu eta jarraitzeko eredua direnak.
Gizarte zibilean jaiotako erakunde komunitarioak behar dugun eraldaketa energetikoaren haztegia direlakoan gaude. Esperientzia partikular eta komunitarioen sorta hori, banaketako eta sorkuntzako kontsumitzaileen kooperatibak, eredu energetikoa aldatzearen aldeko hainbat sektoretako plataformak eta horiek sustatzeko herritarrek egindako mobilizazioak saihestezineko trantsizio horren oinarrizko abiaburua dira.
Era berean, administrazioaren hainbat mailak sustatutako trantsiziorako proposamenak aintzat hartzen ditugu, batik bat udaletatik datozenak, baina baita beste lurralde-eremuetakoak ere: eskualdeak, lurralde historikoak/probintziak eta autonomiak. Izan ere, ekimenok lagungarriak dira hurrengo helburuetarako: gaur egun arlo partikularretik haragoko eremuetan aldaketak sendotzea; aukera energetiko komunitarioei oztopoak kentzea; pobrezia energetikoa borrokatzea; energia berriztagarrien sarrera ahalbidetzea, batik bat eraikin eta zerbitzu publikoetan; frackinga gelditzea; erregai fosiletarako diru-laguntzak ezabatzea; hondakinak ez sortzeko (Zabor zero) behar diren neurriak sustatzea, ekotasak ezartzea; etab…
Nahi dugun trantsizio energetikoa politikan, balioetan eta bizi ohituretan egongo diren aldaketen ondorioa izango da. Hura burutzeko, energiaren kontrol publikoa bultzatu behar dugu oligopolioek egiten dutenaren aurrean. Hala, sistema energetikoa demokratizatuko dugu, tokiko komunitateetan eta irabazi asmorik gabeko kooperatibatan deszentralizatzea sustatuta. Dagoeneko abian dabilen eta guztiak ukitzen gaituen ekimen honetan gure kemena jartzea agintzen dugu.
Euskal Herrian, 2015eko urrian
Sinatzaileen zerrenda:
- Arizkun Cela, Alejandro (UPNA – Ekologistak Martxan)
- Arrizabalaga, Xabin (Stee-Eilas)
- Arto, Iñaki (BC3)
- Barbier del Rio, Xabier (ESK)
- Barcena Hinojal, Iñaki (EHU/UPV, Ekologistak Martxan)
- Basurko Pérez de Arenaza, Izaro (EHU/UPV, Ekologistak Martxan)
- Becerra, Jose Ramón (EQUO)
- Bueno Mendieta, Gorka (EHU/UPV)
- Caño Reyero, Alfonso (Gernikako Ekologi Lan Taldea)
- Capellán Pérez, Iñigo (Energía Gara)
- Casado Arroyo, Mikel (Fundación hitz&hitz)
- Castaños Umaran, José Ramón (Fundación hitz&hitz)
- Castro Delgado, Marisa (Ekologistak Martxan)
- del Amo Castro, Ion Andoni (EH Bildu)
- Etxebarria Arakistain, Joseba (Goiener)
- Fraile, Begoña (Kima Berdea)
- García Marroquín, Germán
- Garmendia Oleaga, Eneko (BC3)
- González Reyes, Luis (Ecologistas en Acción)
- Hernández Abaitua, Ritxi (Fundación hitz&hitz)
- Ibañez Ortega, Sara Begoña (Meatzaldea Bizirik)
- Lago Aurrekoetxea, Rosa (Ekologistak Martxan)
- Landia Ormaetxea, Eloi
- Lorca, Txomin (LAB)
- Louzao Bustamante, Andoni (Ekologistak Martxan)
- Maeztu Perez, Dani (EH Bildu)
- Mantxo, Martin (Ekologistak Martxan)
- Marañon Zalduondo, Jose
- Marín Ruiz, Carmen (Ekologistak Martxan)
- Martín Urreta, Txapu (Ekologistak Martxan)
- Martxueta, Bea (LAB)
- Mera, Igor (ESK)
- Nicholson, Paul
- Ojinaga Bilbao, José Vicente (Fundación hitz&hitz)
- Ostolazaga, Urtzi (LAB)
- Perez, Ana (Stee-Eilas)
- Pinedo, Aitor (Gure Energia)
- Uharte Pozas, Luismi (EHU/UPV)
- Urresti González, Aitor (EHU/UPV, Gure Energia)
- Urkidi Azkarraga, Leire (EHU/UPV, EKOPOL)
- Urturi, Eduardo (Goiener)
- Valentín, Iñaki (Desazkundea)
- Zubialde Legarreta, Xabier (Sustrai Erakuntza Fundazioa)
Erakundeen sinadurak:
- Fundación hitz&hitz
- Parte Hartuz (EHU/UPV)
- Ekologistak Martxan (Energia – antiFracking taldea)
- ESK
- Goiener
- Gure Energia
- Mugarik Gabe
- LAB
- Sustrai Erakuntza
- Butroi Bizirik en Transición
- Meatzaldea Bizirik
- Desazkundea
- Gernikako Ekologi Lan Taldea
- STEE-EILAS