Los Arcos-eko Zirkuitua eta Nafarroa Arenaren ostean… Izuen AHT Txu-Txua !

    eu 16 Mar 2015 - Audio eta bideo, Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Gaurko prentsaurreko une bat...AHT Gelditu! Elkarlanak, Ekologistak Martxan-ek eta Sustrai Erakuntza Fundazioak manifestu bateratu baten zabalkundea egiten ari garela jakinarazi nahi dizuegu, Nafarroan AHT berehala gelditzeko aldarria eginez eta bide batez, heldu den apirilaren 11n giza-kate baten deialdirako gonbidapena egiten dizuegu. Giza-kate hau 12:30ean Iruñeako Sarasate Pasealekutik aterako da.

    Baina harira joan baino lehen, gaur egungo AHTaren egoerari buruzko elkarrizketa bat ere entzun dezakezu (bai hemen edo archive.org webgunean), Irati Irratian egindako lanaren esker (gaztelaniaz dago audioa, barkatu):

    Gaurko prentsaurreko une bat...

    Prentsaurrekoaren argazki galería

    Manifestu honetan AHT zentzugabe hau gelditzeko nahikoak diren 9 arrazoi jasotzen direla uste dugu. Arrazoi hauek gainera, makina bat sindikatuk, kirol taldek eta kultur elkartek partekatzen dituztela iruditzen zaigu. Honekin, AHTk gaur egun daukan izaera zalantzagarria agerian utzi nahi dugu eta atzera berriz ere, nafar gehienen behar sozialetatik hain urruti dagoen proiektu eztabaidagarri hau geldi dadila eskatzeko balio digu.

    Hamarkada luze batez, AHT proiektuarekin bueltaka ibili eta gero, goitik behera erori zaiela ozenki esan beharra dago. Edo beste era batera esanda, AHTk dagoeneko heldulekurik ez dauka. Une honetan, azpiegitura hau zentzugabeko xahuketa ekonomiko bat dela argi eta garbi egiaztaturik dago. Abiadura handian inongo loturarik gabeko 65 kilometroko tren txu-txua, merkantziak eramanen ez dituen trena, ibilbideetan minutu gutxi batzuk aurreztuko dituen trena, finean, abiadura handian ez doan tren bat, errentagarritasunik gabekoa eta nafar gehiengoarendako erabilgarritasunik ez duena. Hortaz, tren defizitario batez ari gara, nafar diru-kutxa hipotekatzen dabilena eta bizi guztirako finantzazio publikoa beharko duena. Hau gutxi balitz, AHT abian jarri ezkero, oinarrizko tren zerbitzu askoren etetea suposatuko luke, erdibideko geltokien itxiera eta betiko trenaren hainbat zerbitzuen ezabaketa. Hau nahikoa ez balitz, AHTren lanak Nafarroan legaltasun babesik gabe burutzen ari direla gogorarazi nahi dugu Madrilgo Justizia Auzitegi Gorenak orain dela urte bat ebatzi bezala. Los Arcoseko Zirkuituaren eta Nafarroa Arenaren ondotik, lehenago zuzentzen ez badugu, Castejón-Arrizabalaga AHT txu-txua hurrengo absurdoari monumentuan bilakatuko da. UPN, PP, eta PSNren erregimenaren beste bat, eta oraingoan, Geroa Bairen babesarekin. Ezin diegu 65 kilometroko lotsagarrikeria foral hau gauzatzen utzi, saihestu beharrean gaude.

    Horregatik, datorkigun agertoki politiko berriaren aurrean eta iritzi publikoaren baitan dabiltzan aldaketarako esperantzak ikusita, heldu den foru gobernuan zentzutasuna gailendu dadila eskatzen dugu. Gure irudiko, lurraldearen suntsiketa eta ingurumenari eta landa eremuei egiten zaizkien erasoak ezin daitezke nafar politikaren nortasun ikur izan. Urtez-urte gutxi batzuek inongo errentagarritasun sozialik ez zuten proiektuekin patrikak diruz bete dituztela ikusi eta gero, gure foru erkidegoari eragiten dieten jarduera garrantzitsuetan informazio publikoa, eztabaida soziala eta erabakietan parte-hartze politikoa sustatu eta sakontzearen alde gaudela adierazi nahi dugu. Honegatik guztiagatik, heldu den foru gobernua izanen duten indarrei AHT berehala geldi dezatela eskatuko diegu.

    Jendartearen ahotsa entzun dadila nahi dugu, kitto ate birakariei, nahikoa da esaten diegu aldikako eraikuntza enpresa handien irabazi milioitzarrei, Nafarroan botere ekonomikoa eta politikoa duen gutxiengo horren irizpideak inposatzeari ezetz esaten diogu. Lurrari ordea, bai esaten diogu, bai herriei, eta bai beste eredu ekonomiko eta sozial bati. Benetako inbertsio publikoa eta benetako proiektu estrategikoak osasungintza, hezkuntza, kultura eta gizarte zerbitzu duinak dira, horregatik ozenki esaten dugu, Abiadura Handiko Trenik EZ!

    AHT Gelditu – Sustrai Erakuntza – Ekologistak Martxan

    Gaurko prentsaurreko une bat...

    Prentsaurrekoaren argazki galería