Cementos Portlandek apirilean Olatzagutian duen porlandegian hondakinen errausketa egiteko egitasmoa (PDF dokumentua, 2,8 Mb) aurkeztu zuen Industria Departamentuan. Sakanako Mankomunitateko batzarrak egitasmoari aurkeztu dizkion alegazioak onartu zituen. Ibarreko erakundearekin batera Sakanako 15 alkateetatik 13k ere sinatu dute alegazioa. Sakanako Mankomunitateak porlandegian hondakinen errausketa bertan behera uztea eskatu du, Nafar Gobernuari sartu dion alegazioan; Sustrai Erakuntza eta beste talde eta pertsonaren laguntzarekin egindakoa. Artikulu honetan alegazioaren laburpen bat aurkezten dugu, eta alegazioaren testu osoa PDF formatuan lortu dezakezu (226 Kb, erderaz).
Mankomunitateak hondakinen errausketa “hondakinak tratatzeko era jasangaitzena eta arriskutsuena” dela adierazi du. Sakandarren gehiengoa porlandegian hondakinak erretzearen kontra azaldu dela gogora ekarri du, eta Nafarroako beste eskualde batzuetan ere gauza bera gertatu dela.
Mankomunitateak ez du onartzen Cementos Portlandek porlandegiko jarduera eta enplegua errausketarekin lotzea. “Erraustea ez da porlana egitea”. Enpresek erregai garbiak eta materialen berrerabilpena eta birziklatzea posible eginen duten teknologiak bilatu behar dutela uste du Mankomunitateak.
Alegazioan argudio juridiko batzuk azaltzen dira. Ingurumen Ebaluazio legean oinarrituta, egitasmoaren kontra jotzeko argudiatu dute “parte hartze goiztiarrerako eta onartutako planaren onarpenari buruzko publizitate eskubideak” urratu direla. Bestalde, nabarmendu dute errausketa beste alternatibarik ez dela jaso, legedian ezer ez egiteko aukera, 0 alternatiba, ere aipatu behar dela dioenean.
Baina alegazioaren zati esanguratsua argudio teknikoak dira. Porlandegian erabiliko duten biomasa erregai kopurua ez da aipatzen, “beraz, edo ez da erabiliko edo oso kopuru txikian izanen da”. Horregatik pentsatzen dute Cementos Portlandek biomasa erretzeko eskaera “tramite hutsa” izan zela, “enpresak hondakin kudeatzaile izendapena eskuratzeko eta errausketarako eraikitako azpiegiturak integratu eta legeztatzeko”.
Alegazioa aurkeztu dutenek ere kezka azaldu dute, hondakin batzuk erretzeko baimena lortu ondoren, Cementos Portlandek beste batzuk erretzeko eskaera eginen duen. Horrela adierazi baitzuen pasa den urtean enpresako buruak akziodunen batzarrean eta beste porlandegietan erregaiaren %60 hondakinak direlako.
Bestalde, zalantza azaldu dute aurreikusitako azpiegitura hondakinen balioztapen gisa hartu daitekeen. “Hondakin bakoitzaren bero-balioa aipatzen du Cementos Portlandek baina ez datuen iturria. Bero-balio zehatza jakin behar da aprobetxatu daitekeen energia zein den zehatz jakiteko”.
Porlandegian erre nahi diren hondakin horiek zergatik eman nahi zaie erabilera posible bakar hori eta ez beste bat? Galdera hori ere egiten dute alegazioan. “Hondakin batzuk erregai gisa erabiltzea etorkizuneko beste erabilera batzuk murriztu eta hipotekatzen ditu”. Hondakinen kopurua murriztuko duten kudeaketa sistemen alde egin dute, esaterako, atez ateko bilketa. Gaineratu dute, erre nahi diren hondakin gehienak ez dutela negutegi efektua sortzen duten gasen murrizketa ekartzen.
Cementos Portlandek aurkeztutako txostenean airearen kalitatearen berri egoki ez dela ematen alegatu dute. Horretarako, Sakanako egoera meteorologiko guztietan kutsatzaile atmosferikoen azterketa zehatza eskatu dute. Aldi berean, lur azpiko eta lur gaineko uretan duen eragina gutxietsi egiten duela alegatu dute.
Cementos Portland-en txostenean Urbasa-Andia natur parkea aipatzen bada ere, Aizkorri-Aratz eta Aralarkoa ez direla aipatzen nabarmendu dute alegazioan. Ingurumen inpaktuen balorazioan justifikatzen dituen arrazoiak ez direla aipatzen ere azaldu dute alegazioa aurkeztu dutenek. Uraren gaineko inpaktuen analisia kontraesankorra dela ere alegatu dute.
Bestalde, isurien neurketa mugatua egiten dela nabarmendu dute. Horren ordez, uneoro egitearen alde azaldu dira alegazioetan. Enpresak jarduera martxan jarri aurretik Sakanan gaur egun eta etorkizunean hainbat arlotan (osasuna, abeltzaintza…) dagoen egoeraren berri izan behar dela aldarrikatu dute. Azkenik, nabarmendu dute Nafarroako Hondakin Planak ez duela uzten hondakinak porlandegietan erretzen. Jardueraren Ingurumen Inpaktu Ikerketa zein eremu hartu behar duen ere zehaztu beharko litzatekeela uste dute. Guztiagatik, Cementos Portlandek abiatutako tramitazioa bertan behera utzi eta orain arteko guztia baliorik gabe uztea eskatu dute.
Guaixe aldizkaritik moldatutako testua.