Sustrai Erakuntza: zer da, zer egiten dugu, zer nahi dugu

eu 4 Mar 2011 -

Lagun agurgarria:

SUSTRAI Erakuntza Fundazioaren izenean zuzentzen gatzaizkizu. Ziurrenik, egunkariak medio, bideratu ditugun eskaerak, oharrak eta helegiteak direla edota antolaturiko jendaurreko hitzaldien ondorioz, gure jardueren berri izanen duzu jada.

Gure ingurumenaren aurkako, eta bide batez, gure jendartearen aurkako ekintza anitzak direla eta, joan berri den 2010ean irabazi-asmo gabeko SUSTRAI Erakuntza Fundazioa sortu zen. Zentral termikoak, espekulatze urbanistikoak, tentsio altuko bideak, isurketak, harrobiak, zabortegiak, hondakindegiak, erraustegiak, Abiadura Handiko Trena…

Habiadura Handiko Trenaren gainean dihardugu bereziki, makroproiektu hori Nafarroak datozen urteetan jasango duen ingurumen, ekonomia eta jendarte arloko desorekaren erakusle nabarmenena dela uste dugulako. (Ikusi hemen nola dagoen proiektuaren egoera). Horrek ez du esan nahi gure herri askotan pairatzen ari garen aipatu erasoei edo lokalagoak diren beste batzuei garrantzia kentzen diegunik.

Besteak beste, eta honela bildu dira estatutuetan, SUSTRAIk helburu hauek dauzka:

  • Ingurumenarekin zerikusia duen lurralde-, ekonomia- eta jendarte-informazioa eta dokumentazioa bildu,  nafarrei horren berri eman eta informazio hori nahiko duen edonoren esku uztea.
  • Ingurumen arloko informazio- eta dokumentazio-zerbitzuak eskaintzea.
  • Ingurumen eta lurraldearekin zerikusia duten arazoei loturiko komunikazio-kanpainak garatzea.
  • Ingurumenaren eta lurraldearen kudeaketan, jendartearen eztabaida eta parte-hartzea bultzatzea.
  • Nafarroako Foru Komunitateko ingurumen-egoeraren berri emango duten ikerketak bideratu eta laguntzea.
  • Ingurumenean eta lurraldean eragiten duten jarduera pribatu zein publikoen jarraipena egin, eta behar izatekotan, horien defentsan beharrezko neurriak hartzea.
  • Deshazkundearen bidean aurrera egitea bilatzen duten ekimenak bultzatu eta laguntzea.

Bizi dugun egoera eta etortzekoak diren garaien joera negatiboen ondorioz, ingurumenaren orekarekiko, bizi kalitatearekiko eta iraungarritasunarekiko ardura eta sentiberatasuna garatzen dihardugun lagunen kopurua handitzen ari da.

Jada bagara hainbat eta hainbat, beste jendarte-eredu orekatu eta iraungarriago baten alde dihardugunak eta ingurumenaren defentsan arituko den tokiko pertsona banakoen sare zabal bat osatzeko nahia dugunak, azken finean, horixe baita SUSTRAI Fundazioarekin hitzarmenak sinatu ditugun nafarron nahia.

Lana neketsua izaten ari da, eta jendartea kontzientziatzen, hezten, eta Europa, Estatu eta Nafarroa mailan dagoen ingurumen eta giza-eskubideen arloko legedi zabala bete dadin helegiteak bideratzen geratzen den egitekoa handia da oraindik.

Orain arte Fundazioak pertsona banakoen ahalegin eta ekarpenekin iraun du nagusiki. Aurrerago aipaturiko helburuen atzetik, saiakera pertsonala egin dugun eta egiten jarraituko dugun nafar emakumezko eta gizonezko sentiberak. Heldu da, hala ere, gure lanean lagunduko duen nafar guztien nolabaiteko laguntza eskatzeko ordua. Horregatik gurera biltzeko gonbitea eta eskaera luzatzen dizugu. SUSTRAI Fundazioaren proiektuaren berri zehatza eman.

Animatzen bazara, gure web orrian aurkituko duzun fitxa bete dezakezu.

Sustrai laguntzeko autua eginen bazenu, fitxan aldez aurretik ezarritako diru zenbateko batzuk eskeintzen badira ere, jakin ezazu norberak nahi duen zenbatekoa jar dezakela. Hemen garrantzia duena, gehitzea eta jendarte sare zabal bat sortzea da. Zure KONFIDANTZA ematea.

Banku gastuak murriztearren, zuk hilero ematea erabakitako diru kopurua bi alditan kobratuko litzaizuke urtean zehar.

Hala nahiko bazenu, zurekin bildu eta SUSTRAI Erakuntza Fundazioaren proiektua zehazki azaltzeko eta sortu litezkeen zalantzak argitzeko prest gaude.

Gure aldetik, eginen ditugun ekintza guztien berri eta ematen duzuen diru guztiaren erabileraren berri jasoko duzuelaren konpromezua hartzen dugu.

SUSTRAI Erakuntza Fundazioa Nafar Gobernuaren Fundazio Erregistroan  272 zenbakiarekin eta  G71033138 IFKarekin izen emana dago. 31590 posta-kodea duen Castejongo 21. posta-kutxa du helbide.

Zuen laguntza eta arreta eskertu nahi ditugu eta lanean jarrai dezazun animatzen zaitugu, gure arbasoek mendeetan zehar mantendu eta aberastu duten gure lurraldearen eta ingurumenaren jabe jator izaten jarrai dezagun nafar guztiok.

Adeitasunez:

SUSTRAI Erakuntza Fundazioa

http://www.sustraierakuntza.org/