Zaborrak ingurunearekiko baita arazo energetiko, sozial eta ekonomikoen iturri dira. Gaur egungo gizarteak, zaborren auzia sortzen duten kutsadurarekin, usain txarrekin, baita zabortegien betetze eta asetzearekin lotu ohi du besteak beste.
Hondakinen kudeaketa mantentzeko gero eta handiagoak diren gastu ekonomiko eta energetikoekin topo egiten dugu. Gastu hauei inplikatuta dauden administrazioek eta batez ere populazioak aurre egin behar die. Hondakinen sortzea ere xahutze eta gain-kontsumoarekin lotzen da. Azken hau, baliabide natural mugatu eta amaikorren agortzearekin estu lotuta dagoelarik.
Tratamenduari dagokionez, zabortegien, biometanizazio planten edo erraustegien instalazioek sortzen dituzten arazoak nabariak dira; jasaten dituzten inguruko populazioetan ondorioak ez dira inoiz oharkabean geratu. Gauzak horrela, kudeaketa modu desberdinak eztabaida sozial eta politikoen iturri bilakatu dira. Lege berriek zabor bilketaren tratamenduek ingurunearekiko errespetu gehiago izan behar dutela exijitzen dute. Arau hauek exijentzia berriei loturiko bilketa moduetara egokitu beharrean daude, banaketa egoki baten ostean, berrerabiltzen, birziklatzen edo sortzen ez ditugun zaborren ehunekoa handitzeko.
Sustrai Erakuntzatik gure arazoak aukera bihurtzeko apustua egiten dugu. Kontsumitzen ditugun ondasunak baloratzen ikas ditzagun. Gure hondakinak berrerabil daitezkeen ondasun bilaka ditzagun konposta egiteko eta ama-lurrari berak emandakoa itzultzeko. Ez ditzagun zabortegietara bota edo erraustegietan erre, ez baititugu horrela kutsadura arazoak konponduko.
Guaixe Sakanako Aldizkarian argitaratuta.