AHTren eta Etxabakoitzeko urbanizazioaren proiektuak gelditzeko eskatu dio Sustrai Erakuntzak aldaketaren gobernuari

    eu 3 Jul 2015 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Nafarroako AHTren planoaNafarroako AHTren eta Etxabakoitzeko urbanizazioaren proiektuak gelditzeko eskatu dio Sustrai Erakuntza Nafarroako Gobernu berriari. Aurreko gobernuak, Iruñea, Zizur eta Zizur Zendeako udalekin batera, bizitegi-gune berria eraikitzeko plana aktibatu zuen Etxabakoitz auzoan. Bizitegi-gunea AHTren Iruñeko geltokia aurreikusten den tokian eraiki nahi dute. Sustrai Erakuntzak salatu du “proiektu espekulatibo” berri horrek zentzurik ez duela, etxebizitza gehiagoren beharrik ez dagoelako.

    Fundazioak adierazi du egitasmo guzti hori AHTren proiektuaren bueltan asmatu dutela, eta instituzioen zor publikoa nabarmenki handituko duen “diru xahuketa” izugarria dela.

    Sustrai Erakuntzak jakitera eman du Berraztertzeko Helegitea aurkeztu diola Nafarroako Gobernuaren planari. Gobernu berriari helduleku administratibo bat eman nahi diote modu honetan, “operazio espekulatibo” hau geldiarazi dezaten. “UPNren gobernuak proiektuaren tramitazioa beharrezko esposizioa egin eta informazio publikora atera gabe jarri du abian, herritarren eta mugimendu politikoen oposizioa ekiditeko”.

    Aldaketaren gobernuan posizionamendu garbirik ez

    Legealdi berrirako akordio programatikoak adostu dituzte dagoeneko Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak. Sustrai Erakuntzatik adierazi dutenez, akordioaren testuan “azpiegituren inguruko gestioan haize berriak” nabaritu badaitezke ere, ez da AHTren inguruan posizionamendu garbirik egiten.

    Aldaketaren gobernu berriari eskatu diote gauzak garbi adierazteko, eta horrela izan ezean, gobernuaren “zehaztapen faltaren” aurrean lanean jarraituko dutela diote, ingurugiroaren defentsan eta bestelako eredu sozialaren alde.

    Argia aldizkariatik hartutako testua, mila esker!.

    Sustrai Erakuntza Fundazioa
    Webguneak: http://www.fundacionsustrai.org/ eta http://www.sustraierakuntza.org/
    Emaila: sustrai@fundacionsustrai.org